XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Otsoa

Otsoa kanidoen familiako ugaztun haragijalea da.

Mutur zorrotza du, belarri zorrotz tenteak eta itsats zuzen aski garatua.

Otso europarrak (Canis lupus lupus) ilaje sendo horixka edota arrea du, eta sabela zuria.

Luzean 1,5 m izan daiteke, isats eta guzti; Europan eta, Asiaren erdialde eta iparraldean dago hedatua.

Otso asko dago oraindik Errusian, Kanadan nahiz Alaskan, baina Europako toki askotan desagertu egin da edota galtzear dago.

Amerikako otso grisa ere (Canis occidentalis), Mexiko eta Iparramerikakoa, desagertzeko arriskuan aurkitzen da.

Otso arktikoa, seguraski otso grisaren edota otso europarraren barietatea, eskualde arktikoetan bizi da, eta koiote arrea (Canis latrans) berriz, txikiagoa, Ameriketako larreetan aurkitzen da batez ere eta horrexegatik deitzen zaio larreetako otsoa ere.

Bere entzumen apartekoa eta usaimen finarekin, otsoa ehiztari iaioa da eta beldurgarria.

Hala ere, gizonari nekez erasotzen dio eta normalean animalia handiak ditu harrapakin, hala nola elur-oreina, orein gorria eta baita altzea ere; aldizka haratustela ere jan ohi du.

Otsoak, normalean, senitarteko sei-zortzi partaideko taldetan bizi eta ibiltzen dira ehizan.

Animalia lurraldekoia da eta zuhaitz eta harrietan pixa eginez mugatzen du bere eremua.

Taldearen barruan hierarkia zorrotza dute eta horren arabera erabakitzen da, harrapakina topatzen dutenean, zein ordenatan eraso.

Beren ingurugiro naturalean ehizan egitea oso zaila da tamaina ertaineko animalia hauentzat, harrapakinak, maiz, eurak baino handiagoak baitira, bizkorragoak eta, batzuetan, adaje indartsukoak.

Beraz, ez da harritzekoa izaten beren maltzurkeria eta ahalegin guztian saiatu arren, ehizari uko egin beharra gertatzea.

Gizakia bizi den lurraldeetan, aldiz, ehizako lana asko errazten zaie, etxabereak harrapatzen baitituzte.

Taldeburuak kontrolatzen ditu beste taldekideak eta hauek etengabeko desafioan izaten ditu.

Borroketan, ordea, nekez zauritzen dute elkar inoiz: badituzte portaera-molde jakin batzuk eta garaileak ez du aurrera egiten etsaia menpean duenean (menperatuak, lurrean etzanik, lepoa eskaintzen dio).

Otsailean parekatzen dira, lurralde mugarik ez da izaten aldi batean, eta talde desberdinetako otsoek harremanak izaten dituzte elkarrekin.

Ernaldu eta, bi hilabete geroago, emeak lauzpabost ume egingo ditu, aurrez gurasoek egokitutako gordelekuan.

Hiru hilabetera, umeek jadanik entzun eta ikusi behar bezala egiten dutelarik, talde-bizitzarako zailduko dituzten jokoetan trebatzen hasten dira, bakoitzak bere tokia zein den ikasiko du, ehizatzen eta halaber, espeziearen ezaugarriak diren jokamolde sozialak bereganatzen.